Lezoko #EUSKNAF18, oso gertu: Irlentz Quiñonesekin hitz egin dugu, Kukrubi SBK taldekoaren presidentea
#EUSKNAF18 iristear da. Datorren ostegun eta ostiralean Bekoerrota kiroldegiak junior mailako saskibaloirik onena jasoko du. Kukrubi SBK prestakuntzan gogo handiz murgildu da, ilusio eta maitasun handiarekin prestatu duen topaketa izango delarik. Irlentz Quiñonesekin hitz egin dugu, taldeko presidentea eta antolaketaren arduraduna.
Zer moduz doa txapelketaren antolaketa?
Oso ondo, azken xehetasunekin. Hilabete luzea izan da, baina mereziko du egindako lanak. Gogorrena pasa da eta hemendik aurrera, gure zeregina zuzen egiteko erantzukizunarekin, txapelketaz gozatzeko garaia da.
Zer suposatzen du klubarentzat Lezok horrelako txapelketa bat antolatzea?
Harro egoteko modukoa da Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak, bere Lehendakari eta Koordinatzaile Orokorra buru direla, Kurkubi SBK bezalako klub umil batengan konfiantza izatea maila honetako txapelketak antolatzeko garaian. Txikiek ere merezi ditugu horrelako aukerak eta asko eskertzen ditugu. Etorkizunean gehiago egon daitezela da gure desira.
Maila handiko txapelketa izango da, goi mailan esperientzia duten jokalariekin, euskal kantera onena hor egongo da, … espektakulua ziurtatua dago.
Zalantzarik gabe. Pena da, bereziki nesketan, lesioek ez digutela utziko txapelketan egon beharko luketen jokalari guztiez gozatzen, baina maila oso altua izango da. Elitean konpetitzen duten klub askoren harrobiak ordezkatuta egongo dira Euskadi eta Nafarroako 18 urtetik beherako promesa nagusiak elkartzen dituen torneo honetan, eta horrek espektakulua bermatzen du.
Zenbat jende behar da dena prest egon dadin? Bolondresak, antolakuntza, laguntzaileak…
Klubeko nesken taldeek inplikazio maximoa erakutsi dute eta ia 20 bolondres izango ditugu bi egunetan zehar. Emakumeen kirolaren aldeko apostua egiten dugu Lezon eta haiek izango dira txapelketan borondatezko lana egiteaz gozatuko dutenak. Klubetik kanporo zenbait kideren laguntza jasotzeaz gain, Lezoko Udalaren kolaborazioa ere biziki eskertzen dugu.
Pronostiko bat egiten ausartzen zara?
Kanporaketa oso parekatuak ikusiko ditugu eta Bizkaia da bi kategorietan faborito, nahiz eta bereziki nesketan esperantza handia dudan Gipuzkoarengan.
Mezu bat Lezo eta inguruko jendearentzat.
Kurkubi SBKn oso ilusionatuta gaude maila honetako txapelketa bat antolatzeko aukerarekin eta jendea Bekoerrota kiroldegitik pasatzea gustatuko litzaiguke, gozatuko baitute. Lezo izango da Euskadi eta Nafarroako 18 urtetik beherako saskibaloiaren epizentroa bi egunetan zehar. Itxaroten zaituztegu!