Gure lehen taldeei errepasoa

Gure lehen taldeei errepasoa

Zailtasunei eta ezustekoei aurre eginez gure lehen taldeek 20/21eko denboraldia jokatzen jarraitzen dute eta maite dugun kirola jarraitzeko (nahiz eta aurrez aurre ezin den) aukera ematen digute astebururo.

Estatuko elitean dauzkagu Acunsa Gipuzkoa Basket eta IDK Euskotren, ACBn eta Emakumezkoen Lehen Mailan. Mutilei dagokienez, urtarrilean, Kopa jokatuko duten Teneriferen eta Joventuten aurka, bi garaipen handi lortu eta gero, salbazioa lortzeko borrokan sartu dira bete-betean, momentu honetan Betisek dituen bost garaipenetatik bakarrera daudelarik. Nesken kasuan berriz, meritu handiko denboraldia ari dira egiten, 11 garaipen eta beste horrenbeste porrotekin, sailkapenaren erdialdean kokatuta. Gainera, martxo hasieran Erreginaren Kopa jokatuko dute, Gipuzkoako saskibaloia eta, modu berezian, kluba egiten ari den bidean beste urrezko urrats bat.  

Emakumezkoen Bigarren Mailan, denboraldiko berri onenetako bat aurki dezakegu Azkoitia-Azpeitia ISBrekin. Sekulako denboraldia egiten ari dira Andoni Lazkanoren neskak eta 19 partidatan 14 garaipen lortuta, hirugarren daude sailkatuta euren multzoan.

Juaristi ISBko mutilek ez du euren klub-kideak baino gutxiago izan nahi eta Zilarrezko Leb ligan sekulakoa egiten ari dira. Orain 10 egun, Kopa titulua berriz eskuratzea lortu zuten eta ligara itzulita, Alcobendasen beste garaipen garrantzitsu bat eskuratu zuten asteburuan. Momentu honetan sendo daude Mendebaldeko multzoko lehen tokian sailkatuta, baina aste honetan bi partida gogor jokatu beharko dituzte: asteazkenean bat eta larunbatean bestea.

EBA ligari agokionez, denetariko emaitzak ditugu gure lau ordezkarien artean. Behekoen artean sailkatuta ditugu EASO Bodegas Muga eta Goierri-Iparragirre 2020; denboraldia maldan gora jarri zaie eta zailtasunak izaten ari dira garaipenak eskuratzerako orduan. Sailkapenaren beste puntan dago Ointxe Mondragon Unibertsitatea; 9 garaipenekin eta soilik 2 porrotekin multzoko lider dira eta iaz egin bezala, protagonista bihurtu nahi du denboraldiko momentu garrantzitsuenetan. Asteburu honetan Zarautzen jokatuko du, derbi benetan interesgarri batean, izan ere Ulacia ZAST ere sailkapenaren goialdean dago, eta guztia du jomugan gainera, 9 partidetatik 7 irabazita.

 

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.