Zarautz izango da Gipuzkoako saskibaloiko sei final handien egoitza

Zarautz izango da Gipuzkoako saskibaloiko sei final handien egoitza

Aritzbatalde kiroldegian aurkeztu dute gaur goizean “Finalen Finala” ekitaldia. Datorren larunbatean, maiatzak 16, Gipuzkoako saskibaloiko sei final garrantzitsuenak bilduko ditu jardunaldi honek. Hitzordua Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatu du, ZAST klubaren eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin.

Aurkezpenean Inaxio Illarramendi kirol zinegotzia izan da, eta aitortu du plazera dela berarentzat Gipuzkoako txapeldunak erabakiko dituzten sei final hauek bigarren aldiz hartzea. Illarramendik nabarmendu du Zarautz kirol-ekitaldi handien egoitza gisa finkatzen ari dela, eta horren lekuko izango dela larunbat honetan Aritzbatalden jokatuko den Gipuzkoako saskibaloiko “Finalen Finala”. Lurraldeko harrobi onenak bilduko ditu hitzordu honek, eta Zarautz Gipuzkoako kirol-erreferente gisa kokatuko du berriro ere.

Jon Txakartegi Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzaile nagusiak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du, federazioarentzat urteko garrantzitsuena baita. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Zarauzko Udalari eta ZAST klubari, hau posible egiteko erakutsi duten implikazio osoagatik”, adierazi du. Txakartegik etxeko klubaren lana ere goraipatu du: “ZASTek urteak daramatza lan bikaina egiten, harrobi sendo eta lehiakorra finkatuz, eta hori lehen taldeetan ere islatzen da. Era berean, federazio honetako jarduerekin (kirolarien, teknikarien eta arbitroen prestakuntza, adibidez) duten konpromisoa eta lankidetza nabarmendu nahi ditut”.

Bestalde, Beñat Jauregi ZAST klubeko entrenatzaileak erakundeak herriko kirolarekin eta federazioarekin duen konpromisoa nabarmendu du. “Gipuzkoako saskibaloiaren festa da hau; jokalari eta entrenatzaile askok ilusioz eta mimoz prestatu dituzte final hauek. ZASTetik mimoriarekin antolatuko dugu hitzordu berezi hau”.

Hiru ordezkariek Zarauzko eta Gipuzkoa osoko zale guztiak animatu dituzte larunbatean Aritzbataldera hurbiltzera, emozioa, ikuskizuna eta giro bikaina agintzen dituen jardunaldiaz gozatzeko.
Finaletan parte hartuko duten klubak honako hauek dira: Zast Zarautz, Easo Basket, Bera Bera, Ordizia KE, Hondarribia Ikasbasket, Ointxe eta Donosti Hoops.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.