Gipuzkoako saskibaloi federarioaren kanpusa Urretxun egingo da.

Gipuzkoako saskibaloi federarioaren kanpusa Urretxun egingo da.

Ekainaren amaieran hasiko da Urretxun Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren campusa.

Atzo, Ainhoa Ibarburu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko presidentea, Jon Luqui Urretxuko alkatea eta Sergio Galdeano, Goierri K.E kirol taldeko ordezkaria bildu ziren Urretxuko udaletxean, ekainaren 28tik uztailaren 18ra bitartean herrian egingo den Saskibaloi Campusa ezagutzera emateko.

Martxoan,  Gipuzkoako Saskibaloi Federazioa (FGB), Goierri K.E eta Urretxuko Udalak aukera hau mahai gainean jarri zuten, aukera lantzen hasi ziren.

Federazioak nabarmendu zuen Urretxuk kirol instalazio egokiak izateaz gain – Aldiri-n burutuko dira entrenamenduak–, hirigunetik aparte dagoen ingurune paregabe batean aterpetxe bat duela, non gazteek naturarekin harremana izango duten. Gainera, udako igerileku irekiak ditu Urretxuk eta gazteek arratsaldeetan bertara joateko aukera izango dute. Urretxun Saskibaloia oso errotuta dagoela ere aipatu zuen Ibarburuk, eta hori,  batez ere, Goierri K.E.k urtez urte egiten duen lan handiaren ondorioa dela, Bide batez, eskerrak eman dizkio Goierriri, Urretxuko campusaren ideia hezurmamitu bada, hein handi batean, euren lankidetzagatik izan baita.

Campusa ekainaren 28an hasiko da, eta hasiera batean bi txanda aurreikusten bazituzten ere, azkenean hiru antolatuko dituzte; deialdiaren arrakasta itzela izan baita. Horietako bakoitzean 42 gaztek parte hartuko dute, bataz beste,  11 eta 13 urte bitartekoak, eta talde bakoitzak bere begiralea izango du, kantxa barruan zein kanpoan.

Uztailean Aldiritik igaroko diren 130 gazteek teknika hobetzen ikasiko dute, taktika indibiduala eta kolektiboa, … baina ez hori bakarrik; lankidetzatik eta talde-lanetik abiatuta, ohitura eta balio egokiak praktikan jartzeko aukera izango dute. Kirol arlotik haratago doan ikaskuntza da hori, neska-mutilei lagun berriak ezagutu eta elkarbizitzarako aukera eskainiz, betiere saskibaloia ardatz nagusitzat hartuta.

Goizero Aldirira joango dira autobusez, eta bertan bi orduko entrenamenduak egingo dituzte, horrelako jardueretan eskarmentua duten entrenatzaile tituludunekin, eta, gainera, begirale bat izango dute 6 parte-hartzaileko. Eguerdian Santa Barbarara itzuliko dira, eta 16: 30ean Aldirin entrenatuko dute berriro, 18:30ak arte.

Aisialdirako tartea ere izango dute, aire zabaleko igerilekuak, Santa Barbarako zelaiko jolasak, etab. Hori guztia- azaldu dute Federaziotik-  euskaratik eta euskaraz, gure hizkuntza campus honen eta federazioaren beraren zeharlerroetako bat baita.

Ekainaren 28tik aurrera, beraz, Gipuzkoako saskibaloia Urretxura joango da.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.