Jardunaldiko kronika.
Jardunaldiak eman duena errepasatzen jardunaldiko partiduak eman duenarekin hasiko gara gaurkoan. Betieder Andraitzeko kadeteek sekulako partidua jokatu zuten eta Efik ISBri 65 eta 51 irabazita mutilen errendimenduzko kadeteen A1 multzoko sailkapenean zuloa zabaltzea lortu dute. Nesketan, zulo hori zabalduta daukana ZAST Kuraye da, garaipenetik garaipenera baitabil (5 eta 0ko balantzea).
Juniorretan, EASO Basket Plagamaniak mahai gainean kolpea eman zuen Goierri UZ Baleike bigarren sailkatuaren kantxan irabazita, eta erakutsi du nesken errendimenduzko A1 multzoan talde indartsuena dela. A2 multzoan, berriz, gauzak orekatuago daude, Aloña Mendik, partidu eder batean, Atletico SN SN Garaziri 51 eta 47 irabazteko kapaz izan baitzen, eta sailkapenean, orain, biak berdinduta daude.
Seniorretan, emakumezkoen lehen mailan dagoen parekotasuna goraipatu beharra dago, izan ere, lehen hiru sailkatuek irabazten jarraitzen dute eta sailkapeneko lehen postuan sekulako borroka dago, honenbestez. Aipatzekoa da, halaber, mutilen bigarren mailako A2 multzoan Ama Guadalupekoa Ikasbasketek lortutako garaipena: Goierri Modelos Ezguba liderrari 80 eta 62 irabazi zion, eta sailkapenean garaipen bakarreko aldea dago orain bien artean.
Haur mailari dagokionez, asteburu honetan hasi dira errendimenduzko taldeak bigarren fasea jokatzen.