Jardunaldiko kronika

Jardunaldiko kronika

Jardunaldi oso entretenigarria izan dugu azken hau, sailkapenari begira garrantzitsuak izan diren hainbat partidurekin. Jarraian hauetako batzuen laburpena.

Hasteko, senior maila. Sailkapen buru direnek euren partiduak aurrera ateratzea lortu dute jardunaldi honetan, nahiz eta batzuk asko sufritu duten, gizonezkoen bigarren mailako A2 multzoko liderrak bezala: Bosteko Irauli B-k osta-osta, 58 eta 57ko emaitzarekin garaitu zuen Hernani, eta garaipen honi eskerrak lidergoan bakarka jarraitzea lortu du.

Junior mailan, EASO Basket Andatzak nagusitasunez irabazi zion Alter Consulting ISBri, 70 eta 43, eta mahai gainean kolpea eman du mutilen errendimenduzko A1 multzoan. A2 multzoan parekotasuna da nagusi, garaipen bakarreko diferentzian hiru talde baitaude sailkatuta, EASO Basket Igeldok Askatuak Hollisen kantxan 64 eta 66 irabaztea lortu eta gero.

Kadeteetan, partaidetzako lehiaketetan jarri behar dugu arreta, emaitza oso interesgarriak egon baitira asteburuan, besteak beste, bigarren multzoan bizi izan genuen SaskiAxular taldeen arteko derbyan. Emozioz beteriko partidua izan zen, estu-estua, eta azkenean balantzak SaskiAxular Igeldoren alde egin zuen: 52 eta 54, eta emaitza horrekin lider jarri da gainera bakarka. Mutiletan, bi emaitza: batetik, Ordiziaren garaipena, Goierri Inmobiliaria Etxarreri aukerarik eman ez eta lehen multzoko sailkapenaren aurreneko postuan harrapatu duelarik; bestetik, bigarren multzoan gertatu den porrot bat, orain arte garaipena soilik ezagutu duen Oiarso 07rena, Iragaz ISBren kantxan 52 eta 41 baitzuen.

Haur mailarekin amaituko dugu. Bertan ezin aipatu gabe utzi EASO Basket Farmacia Felipe IV-k lortutako garaipen zabala Antigua Luberri Urdin bigarren sailkatuaren kantxan; momentu honetan, mailako talde bakarra da partidurik galdu ez duena. Nesketan era EASOrentzat beste berri on bat, sailkapenaren buruan borrokan, EASO Basket Iruleak 49 eta 42 irabazi baitzion Latz Taberna ISBri.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.