“Kopan egoteak nolabaiteko prestigioa ematen dizu”.
Gure IDK Euskotren Erregina Kopan da berriz. Estatuko saskibaloian gorriz markatutako ekitaldi horietako bat, lehen itzuliko 8 talde onenak batuko dituena eta gipuzkoarrei lehiaketako talde handienetako bat egokitu zaie aurkari: Valentzia Basket.
Azu Muguruza entrenatzailearekin eta Lara Gonzalez kapitainarekin hitz egin dugu, txapelketa hasi bezperan. IDK-k ostiralean, 20:30tan, jokatuko bere partida, larunbateko final-erdietan egoteko txartela lortzeko ametsa errealitate bihurtu nahian.
- Nola aurkitzen zarete? Zer nolako sentsazioak dituzue?
Azu: Garaipen bolada hobean heltzea gustatuko litzaiguke noski, baina Kopa desberdina dela pentsatu nahi dugu eta momentu ona izan daiteke beharrezkoa dugun “klik” hori egiteko.
Lara: Egia da ez gaudela momenturik onenean, 3 porrot jarraian izan ditugu eta partidak gelditu zaizkigu jokatzeke bertan behera. Hala ere, lehiaketa hauek ezberdinak izaten dira eta bereziak eta baliteke lagungarri izatea azken partidetan aurkitu ez duguna berreskuratzeko. Gure genean dagoen anbizio eta energia berreskuratu behar ditugu.
- Lara, taldeko kapitain izateak zer suposatzen du kantxa gainean?
Lara: Erantzukizuna, jarrera eta anbizioa
- Eta kantxatik kanpo?
Lara: Beti ahalegintzen naiz jokalari guztien arteko zubilana egiten, guztia ez baita saskibaloia eta kanpoan ere bestelako harremana sortzea garrantzitsua baita.
- Zer nolako pisua dute jokalari gipuzkoarrek gaur egungo proiektuan?
Azu: Momentu honetan 3 jokalari gipuzkoar ditugu gurekin. Zenbaki hori altuagoa izatea nahiko genuke, baina garrantzitsua da baita ere ikustea Lara eta Maria pisu handiko jokalariak direla taldean, dagoeneko finkatuta eta bakoitza bere postuan leku garrantzitsuarekin. Ane, gutxika, taldeko eta ligako dinamikan sartzen ari da, eguneroko lanarekin asko ikasten.
- Zer esan nahi du klubarentzat horrelako txapelketa batean present egon ahal izateak?
Azu: Oso garrantzitsua da. Gure ligan dagoen ekitaldi garrantzitsuenetakoa da Kopa eta bertan egoteak nolabaiteko prestigioa ematen dizu. Gehiago kontutan hartzen badugu ez dela noizbehinka gertatu den kontu bat behin baino gehiagotan egon baikara bertan, eta horrek, egiten ari garen lana ona dela esan nahi du.
- Valentzia… liga erregularrean abiada bizian doan sekulako taldea, eta gainera, etxean jokatuko duena. Nolakoa da zuen aurkaria?
Azu: Lehenik eta behin, jokalari asko ditu postu bakoitzerako eta horrek taldeari sekulako moldakortasuna izateko aukera ematen dio. Bat ez dagoenean ondo, beste bat sartzen da… eta bakoitza ezaugarri desberdinekin. Horrek prestatu behar duzun defentsa asko zailtzen du. Partida oso gogorra izango da, baina lehiatzeko gogoz gaude.
- Abenduan, Gaskan jokatu zenuten partidan, sufritu egin zuten garaipena lortzeko, baina egia da baita ere 24 garaipen eskuratu dituela eta porrot bakarra eduki duela. Valentzia honek beldurra ematen du?
Lara: Aurrez esan dudan bezala, lehiaketa ezberdina da hau, motibazio gainezka izaten dugu eta edozein taldek eman dezake sorpresa bat. Ostiraleko partidarako gakoa gu geu gara. Gure lana ondo egin behar dugu, horretan zentratu behar dugu, gure izaera berreskuratu eta lehiatu, eta batez ere, kantxa gainean disfrutatu.
- Valentzia, Estudiantes, Zaragoza… badirudi gainera ACB-ko beste talderen bat aztertzen ari dela Emakumezkoen Lehen Maila helburu talde profesionala ateratzea. Nola baloratzen dituzue mugimendu hauek?
Azu: Trantsizio hori orain urte batzutatik hona gertatzen ari den kontu bat da, ACB-ko zenbait taldek emakumezkoen proiektuak bultzatzen dituztenak, nahiz eta batzuk, oraindik gaur egun, bigarren mailan dauden. Horrek, seguruenik, zailtasun gehiago ekarriko die klub txikiei maila hauetan aritu ahal izateko.
Lara: Harrobia lantzen duten taldeek emakumeen taldeak ateratzea beti izango da positiboa eta ligarentzat eta euren hirientzat ona izango da hori beti.
- Eta Koparako faborito bat?
Azu: Perfumerias Avenida
Lara: Salamanca litzateke faborito argia, noski, baina nik IDK esango dut.
Noski baietz! Txapelketa ahaztezina izango denaren esperantza eduki behar da.
Eskerrik asko biei. Bidaia ona izan dezazuela, esperientziarekin gozatu eta ahalik eta beranduen bueltatu. Telebistari itsatsiko gara taldea animatuz!