Jardunaldiko kronika
Eskola kirola bertan behera utzi izanak markatu digu asteburua, eta berririk ez badugu behintzat, urtarrilaren 28 arte egongo gara gainera, txikienak lehiatzen ikusi gabe.
Gainontzeko lehiaketei dagokienez, ez da sorpresa handiegirik bizi izan. Senior mailetan, neska zein mutiletan, bai liderrak eta baita hauei jarraiki doazen taldeek ez zuten ezustekorako abagunerik utzi eta garaipenak eskuratuz sailkapenak modu beretsuan utzi dituzte.
Errendimenduzko junior mutiletan, Bergarak EASO Echeverria & Del valle garaitu zuen Donostian (47-48) eta donostiarrak liderrarengandik bi garaipenetara gelditu dira; nesketan, Goierri UZ Baleike lehiaketara joan bezala (Lauko Finala jokatzeko) bueltatu da, garaipenarekin. Partaidetzan, aipatzekoa da puntu bakarrarengatik Astigarragako Mundarro A-k Eibarren eskuratutako garaipena (56-57), izan ere, modu hontara, gertutik jarrai dezake orain arte menderaezin agertzen dabilen Atletico Sn Sn Larrun; nesketan, Añorga Saskibaloia-k ezin izan zuen Atletico Sn Sn Anieren kantxan irabazi (47-38) eta Ibaeta Bera Berak bi garaipeneko tartea zabaldu du sailkapenean.
Amaitzeko, mutilen kadete partaidetzan Ordizia KEren, bigarren multzoko liderraren, garaipena aipatu nahiko genuke, bere atzetik zuen Andraitz KEri 50 eta 46 irabazi baitzion; nesketan, liderraren itzalean jarraitu nahi duten bi taldeen arteko deman, Atletico Sn Sn Aiak, justu-justuan menderatu zuen Sebal ISB, 48 eta 46.