Jardunaldiaren atarikoa.

Jardunaldiaren atarikoa.

Finalen hilabetean sartu aurretik apirilari agur esatea tokatzen zaigu, eta maiatzean biziko duguna bizitzeko, aurrez kanporaketetan zer gertatzen den jakin beharra dugu. Maila batzuetan martxan daude dagoeneko; beste batzuetan, berriz, datorren astean hasiko dira. Zorte on guztioi eta, batez ere, gozatu!!

Senior mailari kasu eginez, gizonezkoen lehen eta bigarren mailak atseden daukate; emakumezkoen lehen mailako A1 multzoan gauzak erabakita daudela dirudi; beraz, atentzioa, emakumezkoen lehen mailako A2 multzoan dago. Azken jardunaldi honen aurretik hiru talde ditugu garaipen bakarraren bueltan: Goizper Group BKE, Easo Basket Araxs eta Astigarragako Mundarro. Gizonezkoen hirugarren mailan, bestalde, finalerdiak egongo dira jokoan: Modelos Modelberri vs TAKE Coach eta Yesilan Kurkubi Lezo SKT vs Zurrut SK.

Junior mailan, errendimenduzko final-erdietako itzuliko partidak datorren astean jokatuko dira, baina oraingo honetan beste final-erdi batek deitzen du atentzioa. Emakumezkoen partaidetzan, igoera fasean, Inar Optika ISBk eta Pixel Sistemas BKEk finalerako txartela eskuratu nahiko dute elkarren arteko partiduan. Finalean, Hemen Garbiketan Eskoriatza izango dute zain.

Kadetetan, beste maila batzuetan moduan, gehien-gehiengoak atseden hartuko du zubia dela eta. Hala ere, partidu oso interesgarri bat jokatuko da emakumezkoen partaidetzan : Goizper Group BKE vs Biko Asesoria Lezko SKT, A1 multzoko lidergoa jokoan delarik.

Haur mailarekin amaituko dugu, eta bertan, errendimenduko mailakoek euren ligaxka fasearekin jarraituko dute, nahiz eta bi txapeldunak zeintzuk diren badakigun dagoeneko. EASO Basket Iruleak nesketan, eta EASO Basket Farmacia Felipe IVk lidergoa ziurtatuta dute eta, beraz, Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela poltsikoan daukate, Gipuzkoa txapeldun baitira. Gainera mutilen zilarrezko mailan, Ordizia09 eta SaskiAxular berdindurik iritsi dira azken jardunaldira 6-1eko balantzearekin eta hurrenez hurren Aloña Mendiren eta ZAST The Process-en aurka dituzten partiduetan, lidergoa eskuratzeko borrokan arituko dira.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.