Imanol Diz: “Epaile modura esperientzia positibo asko biltzen dira, baina batez ere lagun on asko egiten dira”.

Imanol Diz: “Epaile modura esperientzia positibo asko biltzen dira, baina batez ere lagun on asko egiten dira”.

Aste honetan Imanol Dizekin hitz egin dugu. Epaile gipuzkoarrak oraintxu lortu du mailaz igotze eta datorren denboraldian Emakumezkoen Lehen mailan eta Urrezko Leb ligan arituko da. Ruben Sanchezek ACBn jarraituko du beste urtebetez, eta bere ondoren Diz izango da gorenen izango dugun epailea.

  • Lehenik eta behin zorionak merezitako maila igoera honengatik. Nola hartu duzu notizia? Zer suposatzen du zuretzat estatuko mailarik altuenetan epaile lanetan aritu ahal izateak?

Ba egia esan oso pozik nago lortutakoarekin. Maila hauetara iristea, saskibaloiaren eta epaileen gailurrean egotea sari bat da, urte guzti hauetan egin dugun lan handiari saria.

  • Zergatik epaile?

Eskolan hasi nintzen saskibaloian jokatzen eta gero kluba baten sartu nintzen infantiletan. Kadetetan nebilela diru pixka bat nola irabazi aztertuta epaile izatea aukera ona zela pentsatu nuen. Behin hasita gustuko nuela ikusi nuen eta saskibaloia beste era batera bizitzeko aukera ematen zidala. Azken finean, epaile moduan urteak aguantatzen dituenak hau gustuko duelako da; lan bat moduan ikusten duenak, normalean utzi egiten dio epaile izateari.

  • Zenbat urte daramatzazu epaile modura?

Aurrez esan bezala kadete nintzela hasi nintzen epaile lanetan, 15 urterekin. Gaur egun 28 ditut eta 14 daramatzat jada lan honetan. Erraz esaten da eta ez da horren erraza kunplitzen, baina nahiko nuke urte askotan luzatzea esperientzia hau.

  • Nola prestatzen dituzu partidak?

Espainiako Saskibaloi Federaziotik lan handia egiten da partidak nola prestatu jakiteko. Bideo asko ikusten ditugu bai gure eta baita beste lankide batzuen partidetakoak eta egindako akatsak eta baita ondo egindako lana aztertzen dugu. Partidetara begira ahalik eta prestatuen joan behar dugu epaile moduan hobeak izateko, eta dena da lagungarri. Horretaz gain, fisikoki oso ondo prestatuta egon behar dugu. Jokoa geroz eta fisikoagoa da eta jokalariek euren %100-a ematen badute fisikoki, guk horretarako prest egon behar dugu. Horregatik astean zehar egiten dugun prestaketa fisikoa ere oso garrantzitsua da.

  • Ulertuta daukagunez, Espainiako Federazioak ez du ekiditen zure probintziako taldeei arbitratu ahal izatea eta beraz, aurten, IDK Gipuzkoaren Acunsa Gipuzkoa Basketen edota Iraurgi SBren partidetan epaile moduan ikusia ahal izango zaitugu. Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Bai, egia da, gure probintziako taldeen partidetan epaile lanak egitea posible izango dut. Egiari zor, ikaragarria litzateke, nire hirian edo probintzian, goi mailako gure taldeen partidetan epaitzen aritzea ezin sinistuko nuke duela denbora bat, eta orain, batek jakin, egunen baten Illunben, Gaskan edo Azpeitiko kiroldegian jende askoren aurrean ikusiko nauzue.

  • Txantxa txiki bat… Eta federaziora idatzi bat bidaliko bagenu Urrezko Leb ligako derbian zuk epaile lanak egiteko eskatuz? Gipuzkoako Saskibaloiaren festa erraldoia litzateke.

Jajajajaja! Gipuzkoar guztiontzako festa litzateke eta hor egotea ez sinisteko modukoa izango zen. Hala ere, ezin bada izan, harmailetan zale bat gehiago izango naiz seguru eta saskibaloiarekin gozatuko dut.

  • Epaileen mundu honetan sartzea begi onez ikusten duen gazteentzat mezu bat botatzekotan…

Jakin-mina duten guztiak animatu nahiko nituzke probatzera, saskibaloian jokatzen dutenak eta ez dutenak baloirik ukitu ere. Hasieran, agian, gogorra egin daiteke jokalari, entrenatzaile etab.-en presioari aurre egitea, baina denborak aurrera egin ahala, esperientzia ez da soilik partida bat egin eta etxera joatea, baizik eta bizitzarako esperientzia positibo asko biltzen dira, baina batez ere lagun on asko egiten dira.

  • ACB, errealitate bihur daitekeen ametsa??

Aurrenekoa, eta beti egin izan dudan moduan, momentuaz gozatu nahi dut. Oraindik ez naiz maila honetan hasi ere, eta esperientzia honetaz partida bakoitzean gozatu nahi dut. Gero gerokoak.

  • Eskerrik asko eta zorte on Imanol! Zure ibilbidea gertu-gertutik jarraituko dugu.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.