#EUSKNAF19: titulu bat eta hiru bigarren postu gipuzkoarentzat
Titulu bat eta hiru bigarren postu. Gipuzkoako infantil eta kadete selekzioek Euskadi eta Nafarroako txapelketak jokatu dituzte astebukaera hontan, Balmasedan (kadeteena) eta Laudion (infantilena). Beste urtebetez, gure taldeek maila altuan leiatu dute, gizonezkoen infantiletan garaikurra eskuratuz eta beste hiru kategoriatan garaikurretik oso gertu geratuz.
Oraitz Garcia eta Borja Franganillok zuzendutako taldeak Bizkaia hartu zuen menpe azken minutuetan erabaki zen final zirraragarrian (75-73). Nafarroa finalaurrekoetan gainditu ostean (65-42), Gipuzkoa markagailuan atzetik joatera behartua egon zen lehen laurdenaren ostean, Bizkaiak aurre hartu baitzuen (13-22). Bigarren laurden bikain baten ostean, batez ere erasoko jokoari esker, gure taldea berriro ere leian sartu zen (39-41, atsedenaldian).
Orduz geroztik, finala joan etorriko batean bilakatu zen. Gipuzkoak lehen aldiz aurrea hartu zuen hirugarren laurdena bukatzeko hiru minuturen faltan (50-49), baino Bizkaiak 0-6ko partzialarekin erantzun zuen; neurketa haustear zegoela zirudien. Gipuzkoak ordea ez zuen etsi eta leia bukatzeko zazpi minuturen faltan, berriro ere aurrea hartu zuen. Markel Lasa (Ordizia) ikaragarri batekin (28 punturekin), Gipuzkoak 5 puntuko aldea ere lortu zuen, baino Bizkaiak berean jarraitu eta bi minuturen faltan leia estu amaitu zela ikusten zen (70-71).
Bi minutu hauetan titulua erabaki zen. Lasaren saskiratze batek 39 segundu falta zirenean, Gipuzkoa aurretik jarri zuen. Garmendiak diferentzia handiagotu zuen jaurtiketa libre batekin eta Bizkaiak behartutako hiruko baten jaurtiketa eduki zuen leia irabazteko, baino ez zen sartu.
“Jokalarien jarrera eta esfortzua txalogarria izan da”, zioen Oraitz Garciak. “Neurketan sartzea kostatu zaigu, urduritasunengatik, baina zeukaten guztia eman dute, lanean jarraitu dute eta oso pozik gaude “. Ez da gutxiagorako, Gipuzkoa izan baitzen Euskadi eta Nafarroako txapeldun.
Emakumezkoek leiakide berdina eduki zuten finalean. Oihana Hermosok zuzendutakoek finalaurrekoetan Nafarroa 62-47 gainditu zuten leia sendo batean, hasieratik bukaerara arte menperatu zuten neurketan. Finalean Gipuzkoarrak Bizkaia bikain baten aurka erori ziren, hasieratik saskiratze erritmo ikusgarria jarri zuten eta gureek ezin izan zuten erritmoa aguantatu (54-93). Lehen laurdenak finala aldapan gora jarri zuen (15-27), eta Gipuzkoa asko saiatu zen arren, bizkaitarrek ez zuten aukerarik eman eta diferentziak handitu zituzten garaipena eskuraru arte.
“Bizkaitarrak zoriondu nahi ditugu, merezi dute”, zioen Oihana Hermosok. “Leia gogorra izan da, gure jokoa egiten saiatu gara baino ezin izan dugu haien presioa gainditu. Hala ere jokalariek ez dute etsi bukaerara arte, horrekin gelditzen gara. Oso esperientzia positiboa izan da. “
Balmasedan Gipuzkoak bi bigarren postu lortu zituen. Finalaurrekoetan, bai emakumezkoek eta baita gizonezkoek ere Nafarroa gainditu zuten. Neskek defentsa bikaina erakutsi zuten, beraien aurkaria 30 puntutan utzirik (67-30); bestetik gizonezkoek eraso joko paregabea erakutsi zuten, hiru zifratara iritsiz markagailuan (111-43).
Finaletan, Jokin Zulaikak zuzendutako emakumezkoen selekzioa txapeldun izatetik pausu batera geratu zen Bizkaiaren aurkako final estu batean (54-50). Neurketak markagailuan aldaketa asko izan zituen, bi taldeek leiatu zuten maila altuan, defentsan sendo eta oso leiakor agertuz.
Gipuzkoak menperatu zuen lehen zatia, eta lehenengo laurdenaren erdialdera 7 puntuko abantaila izatera ere iritsi zen (5-12), baino Bizkaiak aurrera pausu bat eman zuen atsedenaldia baino lehen (28-29); etengabeko golpekako hirugaren laurden baten ostean, azken laurdenean Bizkaia sendotu zen markagailuan. Etxekoen 8-0eko partziala erabakigarria izan zen (46-39), nahiz eta gureek ez zuten amore eman, ez zuten markagailua iraultzea lortu.
“Oso final gogorra eta polita izan da” , esan zuen Jokin Zulaikak. “Irabaztea lortu ez dugun arren, maximora leiatzeko helburuarekin etorri ginen txapelketara eta hori zalantzarik gabe lortu dugu, beraz, oso pozik goaz etxera. Bizkaia zoriondu behar dugu, txapelketa bikaina burutu bait du”.
Nor baino nor gehiago leiatu zuen ere gizonezkoen kadeteen selekzioak. Bizkaiak lehen laurdenean abantaila lortu zuen (18-14) baino Gipuzkoak bere saskibaloi onena aurkitu zuen orduan, bereziki erasoko jokoan eta atsedenaldira aurretik joatea lortu zuen (36-37). Intentsitate altuko eta emozioz beteriko bigarren zatia espero zen, eta honek ez zuen hutsik egin.
Bizkaiak hartu zuen aurrea eta finala haustearekin mehatxatu zuen hirugarren laurdenaren amaieran (59-53, 30.min) baino gipuzkoak eutsi egin zion jarrera, defentsa eta joko onari esker. Laugarren laurdenaren erdialdera etxekoen abantaila bi puntukoa besterik ez zen (64-62, 35.min). Finala puri purian iritsi zen momentu erabakigarrietara, eta hor bizkaitarrek saskiratzen asmatu zutenez, gure taldekoen kemena menperatu zuten.
“Neurketa ikusgarria izan da, oso jokalari onekin”, azaldu zuen Xabier Altuna selekzionatzaileak. “Detaileengatik erabaki da eta guk ez dugu irabaztea lortu. Ohore bat izan da jokalari hauek zuzentzea, klubeI eskerrak eman behar dizkiet eta baita nola ez Federakuntzari esperientzia honengatik”.
Gipuzkoako Saskibaloi Federakuntzatik, lau taldeak zoriondu nahi ditugu, jokalari, eta entrenatzaile guztiak egindako lan bikainagatik, bai prestakuntza asteetan eta baita ere txapelketan zehar ere. ZORIONAK NESKA-MUTILAK!!