IDK MiniKopan: esperientzia ahaztezina

IDK MiniKopan: esperientzia ahaztezina

Duela 10 egun emakumezkoen Minikopa jokatu zen Salamancan eta Gipuzkoako saskibaloiak IDK Gipuzkoaren talde bat eraman zuen ordezkari moduan. Carmen Muguruzak presiditzen duen klubak infantil mailako talde batekin hartu zuen parte bertan. Taldea, Easo, iraurgi SB, Inter, Ordizia KE eta Bera Berako jokalariek osatzen zuten eta bizi izan zutena seguru ahazten kosta egingo zaiela.

Taldeko jokalariak hauek ziren:

  • Dara Azkona (EASO)
  • Uxue Sainz de Baranda (Inter)
  • Aiora Etxeberria (Iraurgi)
  • Sara Elzaurdi (EASO)
  • Nora Pérez (EASO)
  • Meder Arsuaga (Ordizia)
  • Inés Irazustabarrena (EASO)
  • Iune Garaialde (Ordizia)
  • Nahia Esnaola (Iraurgi)
  • Lide Etxebeste (Bera Bera)
  • Nora Cepas (EASO)
  • Maddi Basterretxea (EASO)
  • Entrenatzaileak: Jon Santamaria, Pablo López eta Amaia Ramirez

 

Lehiaketari dagokionez, hiru taldetako multzo batean egotea egokitu zitzaion taldeari. Perfumerias avenida etxeko taldearen aurka jokatu zuen aurreneko partida eta 41 eta 32 galdu zuen, baina hurrengo partidan, Araskiren aurka, 42 eta 37 irabaztea lortu zuen. Emaitza hauek tarteko, multzoko bigarren postuan sailkatu zen IDK eta bosgarren eta zortzigarren postuen arteko lehian sartu ahal izan zen. Bigarren fase honetan Campur Promete garaitu zuen 37 eta 35eko markagailu estuarekin eta horrela, sailkapen orokorrean, meritu handia daukan seigarren postuan amaitu zuen.

Teknikariak, Jon Santamaria buru, oso harro bueltatu dira neskek Salamancan egin duten lanarekin: “Jokalariek egin duten lanarekin oso pozik gaude. Partida guztietan lehiakorrak izan gara eta behetik gora joan gara txapelketan zehar, denak taldearentzat jokatuz, guztiak bat eginik eta guztiek zerbait eman dutenaren sentsazioarekin bueltatzen gara”. Horretaz gainera asteburuak, emaitzetatik harago, utzitako gauza onez mintzo dira: “Jokalariak hazi eta hezteko esperientzia ezin hobea izan da, eta hemendik aurrera talentu garapenerako gure proiektuan oso present izango ditugu”.

 

 

Neskek lehen mailako ekitaldi bat barrutik bizitzeko aukera izan zuten, lagun berriak egitekoa eta euren mailako jokalari onentsuenen aurka lehiatzekoa, eta gainera maila bikaina eman zuten. Gertutik jarraituko ditugu, seguru.

 

Iruzkin bat idatzi