
Tolosak hartuko ditu Gipuzkoako saskibaloiaren sei final handiak
Gaur goizean, Usabal kiroldegian aurkeztu da “Finalen Finalak” ekitaldia, datorren larunbatean, maiatzak 17, Gipuzkoako saskibaloiaren sei final garrantzitsuenak bilduko dituen jardunaldia. Hitzordua Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatu du, TAKE klubaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin.
Aurkezpenean izan da Tolosako alkatea, Andu Martínez Rituerto, eta adierazi du plazer handia dela harentzat bigarren aldiz ekitaldi hau hartzea, non Gipuzkoako txapeldunak erabakitzen diren sei final nagusiak jokatzen baitira. Eskerrak eman dizkie TAKE klubari eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari hau posible egiteagatik. Era berean, final hauek eta parte hartuko duten taldeak balioan jarri ez ezik, denboraldi osoan zehar klub guztiek, kirolariek eta teknikariek entrenamendu eta partidetan egiten duten eguneroko lana ere nabarmendu nahi izan du.
Jon Txakartegik, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzaile nagusiak, ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du. “Usabalen ospatzea, Gipuzkoako kirol-instalaziorik onenetakoa, benetako luxua da. Tolosako Udala eta TAKE klubaren inplikazio osoa eskertu nahi dugu hau guztia posible izan dadin” , adierazi du. Txakartegik ere, klub anfitrioiaren lana goraipatu du: “TAKEk urteak daramatza lan bikaina egiten, bere goi mailako taldeetan ere islatzen den harrobi sendo eta lehiakorra sendotzen”.
Ekitaldiari buruz, Txakartegik azaldu du errendimenduko 6 finalak jokatuko direla — kadete, junior eta senior mailak, gizonezkoenak zein emakumezkoenak — non, Gipuzkoako txapeldunak erabakiko direla. Parte-hartzaileen aniztasuna nabarmendu du: “Sailkatutako 12 taldeetatik 11 klub desberdinetakoak dira, eta horrek erakusten du Gipuzkoa osoan lurralde ordezkaritza handia eta saskibaloiak maila ona duela”.
Bestalde, Koldo Arsuaga, TAKE klubeko presidenteak, klubak tokiko kirolarekin eta federazioarekin duen konpromisoa azpimarratu du “Gure eguneroko jardueratik haratago, beti gaude prest honelako ekitaldietan batzeko eta laguntzeko. Denboraldi osoa daramagu federazioarekin eta udalarekin lanean saskibaloiaren amaiera handi hau arrakastatsua izan dadin, bai kantxaren barruan, bai kanpoan “.
Hiru ordezkariek Gipuzkoa osoko eta Tolosako saskibaloi zale guztiak animatu dituzte larunbat honetan Usabalera hurbiltzera, emozioz, ikuskizunez eta giro paregabeaz beteriko jardunaldi batez gozatzera.
Finaletan parte hartuko duten klubak honako hauek izango dira: Zast Zarautz, Easo Basket, Iraurgi SB, Askatuak, Saski Axular, Ordizia, Ointxe!, Goierri K.E., CD Internacional, Donosti Dolphins eta Atlético San Sebastián.