
ERRESPETURIK GABE, EZ DAGO KIROLARIK
GIPUZKOAKO KIROL FEDERAZIOAK, BAT EGINDA KIROLAREN INGURUKO INDARKERIAREN AURKA
Atzo 18:30etan, Gipuzkoako kirol federazioek, Anoetako estadioan dagoen Kirol Etxean, indarkeriaren aurkako adierazpen instituzional bateratua sinatu zuten, “Errespeturik gabe ez dago kirolik” kanpainaren barruan. Ekimen horri Gipuzkoako Foru Aldundiak ere atxikimendua adierazi zion, Gipuzkoako kirolaren esparru guztietan errespetua, bizikidetza eta kiroltasuna sustatzeko konpromiso instituzionala indartuz
Ekitaldia testuinguru kezkagarri batean egin zen, azkenaldian kirolaren inguruan jokabide antikirolariak eta indarkeriazko egoerak ugaritu direlako. Horren aurrean, federazioek elkarrekin berretsi zuten lanean jarraitzeko duten konpromisoa, pertsona kirolari guztiek ingurune seguru, osasuntsu eta errespetuzko batean jarduteko aukera izan dezaten bermatzeko. Era berean, argi eta garbi adierazi zuten oinarrizko errespetu- eta tolerantzia-arauak betetzeko gai ez diren pertsonek ez dutela lekurik Gipuzkoako kirolean.
Adierazpen instituzionalaren sinaduraren ondoren, Álvaro eta Alfredo Saénz Ibáñez anaiek, “Gesto Deportivo” ekimenaren sortzaileek, publikoari irekita zegoen hitzaldi bat eskaini zuten, honako izenburuarekin: “Zer egin dezakete klubek eta kirol federazioek oinarrizko kirolean indarkeria prebenitzeko?”. Hitzaldian, klubek eta federazioek balioetan hezteko, jokabide bortitzak prebenitzeko eta oinarritik bertatik kirol-ingurune positiboak sortzeko duten funtsezko eginkizuna azpimarratu zuten.
Konpromiso kolektibo horren adierazgarri sinboliko gisa, jardunaldian jokatuko diren saskibaloi, eskubaloi, futbol eta areto-futboleko partidek minutu erdiko geldialdiarekin hasiko dira, indarkeriaren aurkako jarrera irmoa eta errespetuan, tolerantzian eta bizikidetzan oinarritutako kirol-eredu baten aldeko babesa adierazteko.
Adierazpen bateratu honen eta garatutako ekimenen bidez, Gipuzkoako kirol federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, indarkeriaren aurrean tolerantzia zeroaren mezua sendotu zuten, eta pertsonak eta balioak kirol jardueraren erdigunean jarriko dituen kirol-eredu baten aldeko apustu irmoa berretsi zuten.
