Irene Murua: “Akademikoki ona den unibertsitate bat aukeratu nahi nuen”.

Irene Murua: “Akademikoki ona den unibertsitate bat aukeratu nahi nuen”.

Azken asteetan jakin izan dugu Irene Murua (Ointxe-Araski) saskibaloi jokalari arrasatearrak abentura oso berezia biziko duela datorren denboralditik aurrera, Covid-19ak baimentzen badu behintzat. Munduaren beste puntara, Estatu Batuetako Lousiniara joango da, bertako unibertsitatean saskibaloia eta ikasketak uztartzera.

Lehenik eta behin, garrantzitsuena…

Nola zaude eta non eta nola ari zara bizitzen konfinamendua?

Momentu honetan ondo nago. Familia guztia eta lagunak osasuntsu daude eta hori da garrantzitsuena. Arrasaten nago eta egia esan, uste nuena baino hobeto daramat egoera.

Suposatzen dugu sasoiko mantentzea ez dela erraza izango… Nola daramazu?

Saiatzen naiz egunero entrenamendu bat egiten eta asteburuetan pare bat. Etxean terraza daukagu eta beraz ezin naiz kexatu baina saskibaloian jokatu ahal izatea faltan botatzen dut. Ointxen eta Araski lanean dabiltza gogor konfinamenduko aste hauetan guri laguntzeko, eta etorkizunean eman daitezkeen eszenatoki ezberdinei begira ere. Taldekideekin kontaktuan nago une oro eta etxean dauzkagun medioekin entrenatzen dugu.

 

Eta datorren denboraldira begira… abentura berri eta handi bat. Nola gertatu da? Kontaiguzu nola eman diren pausuak, nola Ointxeko Irene Murua gaztea, nagusi egiten den eta mundu erdia zeharkatuko duen Louisiana Tech Unibersityn amaitzeko.

Egia esan deseatzen nago abentura berri hau hasteko. Duela urte batzuk Estatu Batuetara ikastera eta saskibaloian jokatzera joateko aukera eskaini zidaten, eta asko pentsatu eta gero, azken udaran prozesuarekin ekitea erabaki nuen uste dudalako oso aukera ona dela niretzat, saskibaloia eta ikasketak uztartuz. Unibertsitate batzuekin kontaktuan egon eta gero, azken aukeraketarako hirurekin gelditu nintzen. Niretzat ikasketak oso garrantzitsuak dira eta akademikoki ona den unibertsitate bat aukeratu nahi nuen. Otsailean aitarekin joan nintzen hiru unibertsitateak bisitatzera eta Louisianakoa izan zen gehien gustatu zitzaidana.

Izan duzu kontakturik zure entrenatzaile edo taldekide izango direnekin?

Bai. Bi egun pasa nituen taldekide eta entrenatzaileekin. Gainera kontaktuan jarraitzen dugu orain ere eta bideo-deiak egiten ditugu gure artean.

Nolakoa izango da zure bizitzan han? Ikasle egoitza batera joango zara?

Bai, Campus barruan biziko naiz beste taldekide batzuekin batera.

Suposatzen dugu Covid-19ak eratutako egoeraren gainetik, ilusio eta gogoz beterik egongo zarela, ezta?

Koronabirusak sortu duen guzti honekin ez dakigu datorren denboraldia nolakoa izango den baina espero dut dena ondo joatea eta bertara ahalik eta azkarren joan ahal izatea. Gogotsu nago, oso gogotsu eta abentura berri hau ekiteko irrikaz.

Noiz zara hara joatekoa?

Printzipioz uztaila hasieran nintzen hara joatekoa summer school deritzona egin ahal izateko, baina orain, esan didate, dena ondo badoa abuztuan joan beharko dudala hara. Koronabirusaren bilakaera nolakoa izaten den erabakigarria izango da guzti honetan.

Eskerrik asko gurekin egoteagatik Irene. Benetan desio eta espero dugu Estatu Batuetan biziko duzuna aberasgarria balio handikoa izatea zuretzat. Zure pausuak gertutik jarraituko ditugu.

Zorte on eta batez ere disfrutatu!!

 

 

Iruzkin bat idatzi