Infantilen #EUSKNAF19: hautatzaileekin hitz egin dugu

Infantilen #EUSKNAF19: hautatzaileekin hitz egin dugu

Infantilen Gipuzkoako selekzioak ostiral hontan estreinatuko dira #EUSKNAF19-an Laudion. Bi taldeak neurtuko dira Nafarroako selekzioen aurka finalerako txartela lortzeko asmoekin.Baino guztiaren gainetik, bi taldeak konpetitzeko, daukaten guztia emateko eta esperientziaz gozatzeko asmoarekin doaz hitzordu berezi honetara. Txapelketa begien bistaz jota daukagularik, Oihana Hermoso eta Oraitz Garciarekin hitz egin dugu, emakumezkoen eta gizonezkoen hautatzaileekin hain zuzen ere. 

1, Zer moduz joan da txapelketarako prestakuntza? 

2. Zein da markatu duzuen helburua? 

3. Zein ezaugarri dituzue talde bezala? nolakoa nahi duzue izatea zuen joko estiloa? 

4. Zuretzat, entrenatzaile bezala, zer suposatzen du Gipuzkoa zuzentzea txapelketa hontan? 

5. Nafarroa duzue aurkari finalaurrekoetan. Nolako neurketa espero duzu?

 

Oihana Hermoso (Emakumezkoen infantilak)

1. Txapelketaren prestaketa ondo joan da. Jokalariak gogotsu eta adi etorri dira entrenamendu guztietara eta horrek asko lagundu du aldez aurretik prestatutako plangintza aurrera eramaten, nahiz eta, entrenamenduetan ikusitako ahuleziak eta beharrak aztertuz plangintza hori momentu batzuetan egokitu behar izan dudan.

2. Lehenengo helburua jokalariek esperientzia honetaz gozatzea da eta bertatik ikastea baina kirol guztietan bezala txapelketa irabaztea ere gure helburu bat dela ezin da ukatu.

3. Defentsan fin ibiliz gero erasoak erraztasun handiagoz ateratzen direla sinisten dugu. Beraz, gure lehen mezua defentsan gogor aritzea da, aurkariei erasotzeko zailtasunak jartzea eta saskira jaurtiz gero aukera bakarra ematea eta errebotea beti gurea izatea. Erasoan dinamikoak izateko eskatzen diegu jokalariei, konfiantzaz gogor erasotzea.

4. Gipuzkoako taldea eramateko aukera izatea entrenatzaile bezala aurrera pauso bat da niretzat. Gainera, esan dezaket entrenatzaile bezala momentu on batean aurkitzen naizela, gogotsu, ilusioz beteta eta beti gauza berriak bizitzeko eta ikasteko prest.

5. Nafarroako neskek duten maila ikusirik, partidua gogorra izango da seguru. Baina guk argi daukagu, dena ematera goazela. Konfiantzaz, gogotsu eta leialtasunez garaipena gure izatea nahi dugula hasieratik erakutsiz.


Oraitz Garcia eta Borja Franganillo (Gizonezkoen infantilak)

1. Prestaketa bide onetik joan da, Borjak eta biok oso argi genuen hasieratik zein joko ideia landu nahi genuen eta horretan murgilduta aritu gara sei saioetan zehar. Jokalariek lan bikaina egin dute eta nahiko azkar eta ondo barneratu dituzte erasoko zein defentsako kontzeptuak. Intentsitatearekin eta gogoarekin entrenatu dute eta beti gertatzen den bezala ez da erraza izan azkeneko 12 jokalariren zerrenda osatzea. Txapelketarako prest dago taldea, datorrenari aurre egin eta txapelketa txukun bat egitekoa.

2. Gure helburua, batez ere, jokalariek esperientziarekin, txapelketarekin gozatzea da. Azken saioaren ondoren argi esan genien mutilei: ez dugu nahi inor presionatuta joaterik, helburua esperientziarekin, saskibaloiarekin gozatzea da eta asteburuan biziko duguna luzaroan geratzea jokalarien memorian. Hortik aurrera, argi dugu, 40 minutuetan lehiatzea dela helburua, jokalariek barruan duten dena ematea, horrek garaipenetik gertu utziko baitu taldea. Aldi berean, argi dugu, urduritasuna eta presioa presente izango direla, horiek kudeatzea ere helburuetako bat izango da. Baina, esandakoa, mutilek gozatzea eta ondo pasatzea nahi dugu.

3. Oso talde dinamikoa dugu, profil desberdineko jokalariak, bakoitzak badu ezaugarri berezi bat taldeari emateko eta sor litezkeen egoera desberdinei aurre egiteko eta planteamendu ugari egiteko jokalariak ditugu. Badakigu bakoitzak bere momentua izango duela eta, nahiz eta, joko ildo orokor batzuk markatu, jokalariei askatasuna eman nahi izan diegu euren dohaiak erakutsi eta taldearen zerbitzura jartzeko. Erritmo askorekin jokatu nahi dugu, puntuak baditugu eta defentsan sendo egotetik erritmo bizia jarri nahi diogu jokoari.

4. Ohore eta luxu bat da Gipuzkoako hautatzaile izatea. Biok bigarren urtea dugu eta Borjak mutilekin jarraitzen duen bitartean, Oraitzek iaz infantil neskak zuzendu zituen. Gipuzkoako jokalari onenak entrenatzen asko ikasten da eta asko laguntzen dizu entrenatzaile gisa hobetzen. Guk, gure ahalmen guztia jarriko dugu taldea ahalik eta posturik onenean kokatzeko. Oraitzek gainera iazko arantza kentzen saiatu nahi du, finala puntu bakarragatik galdu zuen Bizkaiaren aurka, lehen postua eskuratuz.

5. Guk hala nahi ez dugun arren, nerbio askoko partidua izango da, batez ere, lehen minutuetan, hori hobekien kudeatzen duenak gertuago izango du finalerako txartela eskuratzea. Aurkariaren ezaugarriak ez ditugu ezagutzen, beraz, gure lanean fokoa jarri eta hori ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara, finalerako txartela eskuratzeko, gure erritmoa eta jokoa ezarriz aurkariaren gainean, ea lortzen dugun guk nahi dugun partidua jokatzea.

Iruzkin bat idatzi