Hondarribia eta Easo Adarra juniorretako txapeldun Usabalen

Hondarribia eta Easo Adarra juniorretako txapeldun Usabalen

Urbycolan Hondarribia eta Easo Adarra taldeek jaso zituzten juniorretako garaikurrak emakumezko eta gizonezkoetan, larunbatean Usabalen jokatu ziren finaletan. Hondarribiarrak, bostgarren fase erregularrean, denboraldiko fase final bikaina burutu dute eta Inar Optika ISB taldea garaitu zuten leia erabakigarrian (52-41). Easok, bestetik, Zarautz leiakor bat gainditu zuen, markagailua iraultzeko pausu batera geratu zena (63-57).  

Inar Optika ISB indartsu hasi zen finalean. Beristain eta Etxanizen eskutik lortu zituen lehen abantailak (0-6, 3.minutua; 12-18, lehen laurdenaren amaiera). Beñat Aldalurren jokalariek baloia ederki mugitzen zuten eta trantsizioetatik arriskuarekin irteten ziren, baino pixkanaka Urbycolan taldeak haien erritmoa baretzea lortu zuen eta kolpeak itzuli zizkion. Mikel Perezek aukera askoko defentsak planteatu zituen eta Nora Mecoleta uztai azpian gailentzen hasi zen. 

Bere 17 erreboteak, horietako 10 erasoan, garrantzitsuak izan ziren. Oraindik kadete mailan egon arren, Mecoletak uztaietatik ateratzen zen edozein baloi ikutzen zuen, eta Ikasbasket hori aprobetxatzen hasi zen. Bringasek asmatzea, Ramosen eskumuturra, bost hirukorekin, eta atsedenaldi osteko Vallejoren zuzendaritza gehitu zitzaien Mecoletasi.

Hondarribia aurretik jarri zen atsedenaldia baino lehen (23-22). Gidoia antzekoa izan zen hirugarren laurdenaren hasieran, Inar Optika  indartsu batekin, neurketa hausteko mehatxua hor zegoelarik Silva entxufatu batekin (23-31). 15-2ko partzial batek ordea, Ramos, Sagarzazu eta Valejoren hirukoak barne, markagailua irauli zuten beste behin (36-33, hirugarren laurdeneko amaieran). Definitiboa izango zen. 

Inar Optikak ez zuen amore eman, baina Mecoletasen erasoko errebote bakoitza azpeitiarren bihotzean ziztatzen zen. Modu guztietako erreboteak. Zuzenekoak, palmeo ostekoak, baloi askeak, … Erakustaldia. Bi minuturen faltan, ala-pivotaren saskiratze batek, Bringasen lapurketa batek eta Vallejoren saskiratze batek abantaila definitiboa zabaldu zuen (46-38). Inar Optikak arraunean jarraitu zuen baino garaikurra Urbycolanentzat izan zen. 

Easo Adarra zen faboritoa Zast Zarautzen aurka eta hori nabarmen utzi nahi izan zuen hasieratik. Bernabeuren eskumuturrak, lehen hamar puntuetatik zortzi bereak, lehen abantailak eman zizkien Lorenzo Motosen jokalariei (10-2). Asier Recondok aulkia mugitu zuen eta Easoren hasierako erasoa geldiarazi zuen, Diaz de Monsterioguren agertu zen arte.  

Jaurtitzaile donostiarraren hiru hirukok hiru minutuetan, Easori abantaila zabala eman zion (27-14, 13.min). Barrutik leia zerbitzatua zegoen. Anabitarte eta Arteche nor baino nor gehiago, izugarrizko leia gogorrean. Lehenengoak hiru saskiratze azkar lortu zituen Easorentzat, baina orduan bigarrena lurraldea markatzen hasi zen. Tapoiak, erreboteak, jasotako faltak, 2+1eko bat. Guztira, 14 puntu eta 13 errebote jokalari garrantzitsu batentzat. 

Pivotaren sendotasunak eta Cuencaren hirukoek Zast Zarautz gerturatu zuten. Atsedenaldian, donostiarren abantaila hiru puntutan geratu zen (35-32). Hirugarren laurdena bi taldeen arteko kolpekako eder batean joan zen, Friasen hiruko batek Asier Recondorenak aurretik jarri zituen (44-46, 30.minutua). Inertziak hegalak eman zizkien zarauztarrei, baino Easok ez zuen bere azken hitza esan.  

7-0 eko partzialak eta Sarasolaren hiruko batek donostiarrei abantaila bueltatu zien (51-46). Hirukoa hemendik, hirukoa handik, Zast Zarautzek erritmoa aguantatu zuen eta Friasen saskiratze batek 6,75metroko marratik harantzago 2 puntura jarri zituen zarauztarrak minutu erdiren faltan. Bastidak bi jaurtiketa libre erabakigarri eduki zituen bere eskutan , eta ez zuen hutsik egin. Garaikurra Easorentzat izan zen. 

Bi final handi, lau talde bikainen artean, zeukaten guztia eman zutenak azken segundura arte. ZORIONAK!!

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.