Coronavirusari “esker” berriz etxean jokatzen

Coronavirusari “esker” berriz etxean jokatzen

Gure egunerokoan, gosaritarako hartzen dugun kafearen antzera txertatu da Coronavirus-a. Munduan zehar izurritea balitz moduan zabaldu da eta hainbat kirol ekitaldi kolokan jartzera iritsi da ere.

Arrasaten historia bitxi bat jaso da. Gaur egun Txinan bizi den Beñat Barberena (Iraurgi ST eta Valentzia Basket-eko jokalari ohia) etxera bueltatu zen bertako Urte Berriko jaiak aprobetxatuz, baina Covid-19ak sortu duen zalaparta tarteko, etxean gelditzera behartuta ikusi da. Ipurterre xamarra alde batetik eta saskibaloi zale amorratua bestetik, Ointxerekin, bere betiko taldearekin, fitxa egiteko aprobetxatu du eta emaitzak ezin izan du hobea izan: bostetik bost partida irabazi dituzte, momentuz, eta taldea lider jarri da. Asteburu honetan jokatuko du bere azken partida Txinara bueltatu aurretik.

  • Aurreneko gauza, nola zaude? Aste arraro xamarrak izan direla suposatzen dugu.

Oso ondo aurkitzen naiz, Coronavirusari “esker” hilabete luzatu baitzaizkit oporrak eta. Jaja! Baina aste arraroak dira bai, gehien bat daukadan ziurgabetasunagatik: noiz itzuli, bertako egoera, bidaiako segurtasun neurriak… Momentu honetan hegaldia astelehenerako daukat erosita baina oraindik kolokan dago, Txinan egun batetik bestera hartzen baituzte neurriak.

  • Bere momentuan Txinara joateko erabakia hartu zenuen saskibaloiari lotuta jarraitu ahal izateko. Nola daude zure proiektuak? Eta nolakoa da zure egunerokoa Txinan?

Duela 4 urte hartu nuen bertara joateko erabakia, saskibaloi akademia bat irekitzeko asmoz. Filosofia europearra entrenatzeko, asteburutarako partiduak eta ligaxka bat sortzeko… Izan ere, nere hirian, Hangzhou, haurrek ez daukate lehiaketarik edota entrenamendu kulturarik. Orokoarrean astean behin entrenatzen da, aste bukaeratan, eskolaz kanpoko klase bat gehiago balitz bezala; ingeles, piano edo txinatar karaktere idazkera lantzeko klaseak bezala. 3 urtez izan nintzen akademiaren partaide, eta aurrera pausuak egonarren, ez genuen gure kirol kultura ezartzea lortu. Saskibaloi entrenatzaile, jokalari eta hezikateka fisikoko irakasle ibili ondoren, azken urte hau irakasle bezala nabil eskola elebidun batean. Hortaz, nere egunerokoa hemengoaren antzerakoa da: saskibaloian jokatu, noizean behin lagun amerikar, serbiar, lituaniarrekin edo neskalagunarekin afaltzera joan, gimasiora joan… eta astebukaeratan turismoa edo lasai hartu eta deskantsatu egiten dut.

 

 

  • Nola jakin zenuen Coronavirusak ekar lezakeena eta zeintzuk izan ziren hartu beharreko zure erabakiak?

Hasiera batean Txinara otsaialaren 4an itzuli behar nintzen, eta 3an, gauerdian, nere auzoa berrogehialdian sartu zela eta neurri berriekin etxebizitzara sartzeko arazoak izango nituela ohartarazi zidaten. Geroztik, online hasi ditugu klaseak, bertako ikasleek bideo edota argazkiak igotzen dituzte plataforma batera nik feedbacka emateko, bilerak Skype bidez izaten ditugu… Gaur arte. Bizi naizen lekuan egoera hobera doa.

  • Gaztetatik zaude ohitua etxetik kanpo ibili behar izatera, baina etxera bueltatzea beti da berezia, ezta? Eta behin etxean egonda, Iturripe nola ez zapaldu…

Beti da berezia, bai. Natorren bakoitzean, heldu bezain laister jartzen naiz taldearekin harremanetan eta beraiekin entrenatzen hasten naiz, laguntzeko baita ongi pasatzeko asmoz. Fitxa egin aurretik 2 aste egon nintzen beraiekin entrenatzen, egoera luzatzen zela ikusita, eta taldekide bat erasmusean joan behar zuela ikusita, fitxa express bat egitea planteatu zen. Ointxe! Klubari eta taldekideei egindako harreragatik asko eskertzen diet.

  • Itxura denez astelehenean berriz bueltatuko zara. Egoera normaltzen ari da Txinan?

Badirudi egoera kontrolpean daukatela. Nire hiriko egoera Euskal Herrikoa baino hobea dela sarri errepikatzen ari naiz! Orain atzerritarren itzuleraren kudeaketa nola egiten duten ikusi behar da, ea zein neurri hartu behar ditugun. Zurrumurru asko daude neurrien inguruan, eta beraz ziurgabetasuna ere.

 

  • Behintzat taldea lider utzita joango zara.

Jaja! Bai, entrenatzen hasi nintzenetik partidu guztiak irabazi dituztela esan diet. Uste dut 5 izan direla jarraian. Ea aste bukaera eta gero, 7 diren!

Xièxiè ni (uste dugu hórrela idazten dela) eta zorte on Beñat. Harremanetan jarraituko dugu.

Iruzkin bat idatzi